HITZAURREA

"Idaztea deskubritzea da; zer etorriko den jakiteko idazten dut" dio Karmele Jaiok.

Idaztea abentura zoragarria da. Idazten dugunean nora joango garen, zer sorpresa izango ditugun, nora iritsiko garen ez dakigu. Honek paperaren zuritasunak sentiarazten dizkigun lilura eta ikara argituko luke. Behin zuritasuna hautsita, espero ez diren bide berriak azaltzen dira; bidexka horietan galtzeko tentaldiari eustea ezinezkoa izango zaigu eta askotan, nekez bilatzen ari garen "hori" saihesbide hoietan aurkitzen dugu. Bestetan idazten dugun bitartean argia piztu eta ezin gelditu idazten dugu norbaitek diktatuko baligu bezala.

Normalean idazteak ordu asko behar izaten du, josi eta adabatu, idatzi eta ezabatu, eraiki eta txikitu, zuzendu, berridatzi, ...; Faulkner-ek zion bezala: "Ehuneko bata  talentu, ehuneko laurogeita hemeretzia disziplina, lana". Inspirazioa bai, baina batez ere transpirazioa,

Idatzi deskubritzeko, gozatzeko,  bizitzeko, ... norberak izango du bere arrazoia, baina idatz dezagun!!